XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PARISEREN GOGORRAK EZIN EGONA SORTU

3 laborari gazte preso ezarri dituzte joan den larunbatean Parisen.

Arrestatu dituzte astearte gauaz Akizen Auzitegiaren ingurutan.

Zenbait minuta lehenago gertatua zen leherketa seriosa Suprefeturan.

Jandarmeriak ditu arrestatu eta galdezkatu Akize eta Paueko egoitzetan.

Astezken goizean, ez dira Landibartarrak guti harritu ikustearekin jandarmek herria inguratzen zutela.

Ortzia bezala hedatu da berria miatu dituztela Panpi Lascaray eta Ttotte Curutcheten etxeak.

Familia ohartu da Panpik begi bat kasik ezin idekia zuela, beltzaturik, joa izan balitz bezala.

Jandarmeriaren agerpenak ere gogorrak dira: asteartean, ezagutu direlarik Pariseko gorteek hartu erabakiak, sumatu dute euskaldun militanteak haserretuko zirela eta ukaldi zerbaitetara menturatuko gau hartan berean.

Funtsean auzi denbora guzia, bederatzi egun, baliatu dute, IK erakundeari hurbileko gazteen zelatatzeko.

Berek diote etxetik abiatu bezain laister herrestoak bazituztela eta segitzen zituztela Blarnoan gaindi Akizeraino.

Gastellu eta Marechal Baionako jandarmeak buru, arrestatu dituzte Akizen: Beñat Espil Bildoztarra, Panpi Lascaray eta Ttotte Curutchet Landibartarrak; ordu haietan gertatu suprefeturako atentadoa leporatu diete berehala.

Kalte materialak seriosak izan dira: suprefetaren emaztea eta atezaina durduzatu ditu dudarik gabe leherketak.

Beñat ESPIL xiberotarra da.

Bildozeko, 35 urte ditu, familiatua da lau urteko haurrarekin.

Duela hamar urte gose greba egin zuen Baionako katedralean, Seaskak ezagupena ardiesteko Pariseren ganik.

1988an bera eta bizilaguna preso atxiki zituzten lau hilabetez Parisen Lucienne Fourcade arrestatu zutelarik.

Beñat, gizon seriosa eta ixila ekarria da AEKrekin lan eginik bost urtez, artzain izateko ikasketa bururatuxeak ditu.

Ttotte Curutchet Landibartarrak 29 urte ditu.

Zuhaintza eskolak egin ondoan Hazparnen, soldadogoa eginik, joana zen lanean aritzera Bordalera.

Handik usu heldu zen etxera eta herrira.

Pilotari trebea da, esku huska bereziki.

Anaiek GAEC moldean darabilaten etxaldean laguntza ekartzen zuen.

Laister bere kondu ematekoa laborantzan.

Panpi LASCARAY, hau ere Landibartarra, 28 urte.

Familiatua da bi hilabeteko haurrarekin.

Laboraria da, etxaldea derama; ixila eta langile porrokatua da auzo eta adixkideen arabera.

Laboran zindikatetan sartua; aita traktoreak leherturik eta ama leuzemiaz galdutik behar izan du etxaldea eraman osoki beregain.

Bere euskal sentimenduak ez zituen gordetzen batere, kultur bizian eta politikan hautu argiak eginak ditu.

Orain Parisen dira preso.

Luzarako ere menturaz, bizkarreratu dizkioten kargak ez baitira ttipiak:

- gaixtagile elkarte batetan parte hartzea,

- ontasun funditzea, lehergailu bidez,

- hilketa nahikundea

- legez kanpoko armak eskutan ukaitea.

Astezken arratsean berean bildu dira Landibarreko hamabost gazte ikusteko nola kudeatuko den Panpiren etxaldea bera Parisen deino.

Larunbatean berrehun presunaz goiti bildu da Donapaleun EMA eta Erreprezioaren kontrako batzordearekin hiru laborari gazteei sustenguaren ekartzeko.